«Hemen langile klasearen disoluzio moduko bat bizi dugunez, norbaitek pentsa dezake langileria desagertzen ari dela, baina ez da hala, existitzen da, eta nazioarteko hamaika txokotatik jasotzen ditugun pelikulek berretsi egiten dute ideia hori: hemen bezala, beste leku batzuetan ere mutatzen ari da, baina langileria ez da desagertu». Hain zuzen, hori erakustea da Lan ikus-entzunezko langile festibalaren asmoa, Itxaso Diaz zuzendariaren hitzetan. Lan mundua eta langileria bistaratzeko helburuz jarri zuten abian jaialdia 2017an, Bilbon, eta asmo berarekin abiatuko dute laugarren edizioa ostiralean. 18an hasi eta 25ra bitarte, ia 30 film, bisita gidatuak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte.

Guztira, sail ofizialean parte hartzeko 506 proposamen jaso dituzte aurten, eta haietako 24 erakutsiko dituzte. Bilborock aretoan egingo dira proiekzioak 21ean eta 24an, eta BilboArten, berriz, hilaren 22an eta 23an. Eta, bestelako ekitaldiak ere badauden arren, proiekzio horiek dira jaialdiaren muina.

Izango dira animazio filmak, film esperimentalak eta fikziozko lan batzuk ere bai, baina, Diezek dioenez, dokumentala da nagusi jaialdian. «Oso fikzio ona dago langile klaseari buruz, noski, baina dokumentalak dira guri argien erakusten digutenak langileria oraindik hor dagoela». Edonola ere, formatua eta generoa edozein direla ere, «sentsibilitate artistikoa» da jaialdiko kideek baloratzen dutena.

Maskulinizatutako irudia

Hainbat film gonbidatu ere egongo dira sail ofizialetik kanpo. Jaialdia antolatzeko inspirazio iturri suertatu zaizkien lanak biltzea da antolatzaileen asmoa. Lan horien bidez ezarri nahi izaten dute beren «ildo editoriala», eta, aurten, esaterako, generoa dute arreta gune nagusi gonbidatutako film horietako bik. Potosiko meategietan lan egiten duten emakumeei buruzko dokumentala da Mujeres de la mina, eta Kanaria uharteetako emakume langileen historia berreskuratzen du Mujeres empaquetadoras de tomates-ek.

OSOA BERRIA.EUS-EN IRAKURRI