“LAN” Ikus-entzunezko Langile Jaialdia gure inguruneko kultur proposamenik garrantzitsuenetakotzat finkatu da langile-esparruari dagokionez. Izan ere, Jaialdiaren bosgarren edizioa dugu dagoeneko irailaren 20tik 30era Bilbon antolatuko dena, proiekzioak eta askotariko jarduerak bilduz, hala nola, tailerrak, hitzaldiak, azkenaldiko ikerketen aurkezpenak eta industriari buruzko atzera begirako ikuspegia eskainiko duen Bilbotik Santurtzirainoko ibilbidea.
LAN jaialdiak ikusentzunezkoari zein ekoizpen artistikoari lotutako hainbat formatutako proiektuak garatu eta sustatzen ditu langile esparruaren askotariko alderdiak biltzeko: horren nortasun ezaugarriak, estetika, gizarte zein elkarte sarea, arkitektura, borrokatzeko eta egokitzeko gaitasuna eta, nola ez, memoria historikoa eta kolektiboa.
Langile mugimenduek hasieratik gaurdaino jorratutako historia eta dinamikei buruzko informazioa herritarrei ezagutzera ematea da LANen helburu nagusia, ikusentzunezko hainbat ekoizpenen bitartez, eta langileen zein inguruko gizarteen idiosinkrasia, borroka eta erresilientzia-prozesuak erakusten dituzten ikus-entzunezko ekimenei arreta berezia emanez.
Sail ofiziala eta beste proiekzio batzuk
Aurten, 15 ekoizpen sartu dira guztira LAN jaialdiaren Sail Ofizialean, nazioarteko deialdi publikoaren bidez inskribatutako filmetatik aukeratuta. Aurtengo edizioak aurreko edizioetako marka guztiak hobetu ditu, 250 film jaso baitira guztira.
Lan horiek guztiak Euskaditik eta Espainiako hainbat tokitatik iritsi dira, baita nazioartetik ere: Maroko, Turkia, Senegal, Alemania, Australia, Peru, Txile eta Argentina.
Irailaren 27tik 30era bitartean Bilborock Aretoan egingo diren 15 emanaldi horiez gain, bertaratutakoek hiru emakume zinemagilek zuzendu eta aurtengo ediziora gonbidatutako hiru filmak ikusteko aukera izango dute:
- “El trabajo invisible de las mujeres” (Kantabria, 2018), Marta Solanorena: Film honek agerian utzi duenez, zaintza edo ugalketaren arloko lana dago genero-desberdintasun askoren sustraian
- “La única hora” (Dominikar Errepublika, 2019), Johanné Gómez Terrerorena: Normalean emakumeek egin eta lansaririk nahiz BPGeko presentziarik ez duten zaintza eta etxeko lanen inguruko hausnarketa.
- “Overseas. Esclavas del siglo XXI” (Filipinak, 2020), Sung-A Yoon-ena: Atzerrira joan eta umezain nahiz etxeko lanetan jardutera behartuta dauden Filipinetako emakumeen erretratu zirraragarria.
Bestelako jarduerak
Programan jasotako aldi bereko jardueren artean, berariaz nabarmendu behar dira ondo bereizitako bi gune hauek: geLAN eta ikasLAN.
“geLAN” delakoa sorkuntza kolektiboa, prestakuntza eta jakintzen transmisioa tarteko dituzten jarduerek osatzen dute, langile-munduaren iruditeria sorkuntza garaikideetatik eguneratzeko. Gune honetan, bi tailer egingo dira (BilbaoArten, irailaren 20 eta 21ean eta 23 eta 24an, txanda desberdinetan), baita “LANAK_obras & mecanismos” argitalpenaren aurkezpena, eta irailaren 22an BilbaoArten antolatuko den Héctor Zamoraren (espazio publikoetan lan egin eta artelan galkorrak zein site specificak landuz erakusketa-gunea zalantzan jartzen duen artista, Mexikotik streaming bidez) eta UPV/EHUn Arte Ederretan doktoratuta dagoen Saioa Olmo artista eta irakaslearen arteko hitzaldi-solasaldia ere.
“ikasLAN”, bestalde, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatearekin batera XXI. mendeko lanaren inguruan egindako ikerketa pedagogikoko prozesuen emaitza da, izan ere, prozesu horien barruan, aldizkako saioak antolatu dira egungo lan-ekoizpenaren moduak eta baldintzak aztertzea xede duten hainbat begirada eta ikuspegi azaltzeko, horiek dakartzaten erronkei nola aurre egin diegun ere bistaratuz.
“ikasLAN” ixteko, irailaren 22an, proiektua egituratu duten proposamenak islatzen dituen “LANAK_obras & mecanismos” argitalpena aurkeztuko da BilbaoArten.
Bi proposamen horiez gain, LAN proiektuak industriari buruzko atzera begirako ikuspegia eskainiko duen ibilbidea antolatuko du Bilboko itsasadarraren ezkerraldean zehar. Arantxa Pereda komisario, ikertzaile, historialari eta bitartekaritza arloko espezialistaren koordinaziopean, interesdunek izena eman ahal izango dute, irailaren 25ean Bilbotik Santurtziraino egingo den ibilbide gidatuaz gozatzeko, izan ere, inguru hori guztia Bizkaiko industrializazioaren agertoki garrantzitsuenetakoa izan da.
“LAN ibilbideak” Bizkaiko industriaren historiara hurbilduko ditu bertaratutakoak, XIX. mendearen amaieratik gaurdaino izan duen bilakaera eta garapena ere ezagutzera emanez, ibilbidean zehar aurki daitekeen industria-arkitekturaren lekukotasunen bitartez. Arantxa Peredak diseinatu eta koordinatu du.
Azkenik, Jaialdiaren egunetatik kanpo antolatu arren, “LAN TOUR” nabarmendu behar da. Proposamen hau Bilbotik harantzago egiten den LAN jaialdiaren luzapena da, programazioa landazein hiri eremuko hainbat testuingurutara hurbiltzeko eta edukiak ezarritako aliantzen arabera egokitu eta/edo zabaltzeko. Aurten, berrikuntza gisa, LANek lankidetzan jardun du PHOTOALICANTE Nazioarteko Argazki Jaialdiarekin, lehiaketaren 2021eko ediziorako ikus-entzunezko zortzi ekoizpenekin parte hartu duelarik. Horrez gain, LANek eztabaida eta hausnarketa jardunaldietan parte hartuko du Bizkaiko industrializazioaren ikur bihurtu diren zenbait gunetan, Sestao eta Gallarta kasu, izan ere, urriaren 14an, eztabaida eta hausnarketa Saioa antolatuko da Meatzaldea Ekoetxeko auditorioan.
Emovere elkartea, Jaialdiaren antolatzailea
Emovere kultur elkarteak mugikortasunarekin zein emozioekin lotutako proiektuak garatzea du helburu. Ikus-entzunezkoen eta gizartearen esparruari lotutako jarduerak antolatzen ditu, gertakari artistikoa gizartea sentsibilizatu eta eraldatzeko tresnatzat erreparatuz.
Bere interesen artean, honako hauek aipa daitezke, besteak beste: periferiak, identitate kolektiboak, diskurtso koherenteak eta inkoherenteak, dinamika sozialak, herritarren parte-hartzea, multiplizitateak, eite industriala, ezkerraldea kontzeptu, lurralde eta aztarna gisa, pertsonen iragana, oraina eta etorkizuna, artea lan bihurtuta eta lana arte bilakatuta, gurutzaketak eta eraldaketak, migrazio-mugimenduak, desberdintasunak eta gutxiengoak, subjektibitateak eta inperfekzioak, austeritatea, eta apaltasuna erreboltarako baliotzat.
Recent Comments